Orain dela gutxi arte, Euskal Herrian landu den bake-hezkuntzak ia ez du kontuan hartu terrorismoaren biktimak gure hezkuntza-sisteman zuzenean agertzeko aukera.
Gure iritziz, bake-hezkuntzak, bere zentzurik sakonenean, ezin uko eginezko helburu pedagogikoak eduki behar ditu biktimei dagokienez. Bake-hezkuntzak indarkeriazko egoerei egin behar die aurre, bereziki indarkeria horren biktimei eta haien biktimazio-esperientziari; eta, horretarako, hori pairatu dutenen lekukotasuna jaso behar du. Bestetik, biktimei zor zaizkien eskubideen artean, besteak beste, onarpena egin behar zaie gizarteko hainbat arlotan, bai eta hezkuntza-arloan ere. Eta zein onarpen izango ote da hobea, rol nagusia ematea baino? Bestalde, bake-hezkuntzak helburu hau izan behar du: justiziaren eta, ahal dela, adiskidetzearen bidez, baketutako gizartea eraikitzea. Alabaina, justizia horren irismen zehatza zentzuz ulertzeko, eta adiskidetzeko prozesuetarantz era zuzenean bideratzeko, elkarrizketa enpatikoa egiten hasi behar dugu eragin gehien jaso duten horiekin, hau da, biktimekin. Hortaz, arrazoi berri hori dela-eta, aurrean egon behar dute eraginkortasunez.
Hala ere, hezitzaileak oztopo handiak aurkituko ditu —saiatzen baldin bada—, ingurune eta pedagogia aldetik, biktimak hezkuntza-sisteman agerian jartzeko lan zail horretan. Gida didaktiko hau tresna lagungarria izan daiteke lan horri ekiteko, hemen bilduta dauden material pedagogikoen ardatza biktimen kontakizunak baitira, eta hezitzaileek erabiltzeko prest baitaude.
Hauxe da 2006. urtean argitaratutako izenburu berbera duen gida didaktikoaren berrikusitako eta zabaldutako bigarren argitalpena. Formato digitala (liburu elektronikoa eta pdf) baizik ez dago.